Paisaiarik gabe – Topagunea >> PAISAIARIK GABE: Aurkezpena

PAISAIARIK GABE: Aurkezpena

Idatziak

Topagune bihurtzeko asmoarekin aurkezten dugun ziklo hau ENTZUMENAREN BEHATOKIA izeneko egitasmo zabalago baten hasiera baino ez da. Behatokiak, soinuaren inguruko hainbat adierazpide artistiko erabiliz (musika, soinu artea, irratia…) gure soinuzko ingurunearekin ezartzen ditugun harreman eta arretak aztertzeko balioko duen egitasmoa izan nahi du. ENTZUMENAREN BEHATOKIA Donostia2016 Europako kultur hiriburutzari eta Tabakalerari esker martxan jarritako egitasmoa da.

70. hamarkadan R. Murray Schafer musikari eta ikertzaile kanadiarrak osatu zuen ikerketa talde aitzindariak gure soinu ingurunea definitzeko erabili zuen kontzeptua da soinu paisaia. Ingelerazko landscapetik eratorritako soundscape hitz-jokoaz baliatuz, ikertzaile talde honek gure inguruan etengabe gertatzen eta eraldatzen den soinuzko errealitatea azaltzeko erabili zuen oraindik erreferente den definizio hau. Baina definizio ororekin gertatu ohi den bezala, denborak, erabilerak eta definizioaren objektua bera praktikan (artistikoki nahiz kontzeptualki) jarri duten erabiltzaileek, hurbilketa kritiko ezberdinak egin dituzte, honezkero, berria izanagatik ere kontserbadurismoan erortzeko arriskuan dagoen terminoaren gainean.

Proposamen honek, Entzumenaren behatoki izan nahi duen egitasmoaren ideia bera ia modu literalean jorratuz, soinu paisairi buruzko eztabaida eta elkarrizketa espazio egonkorra sortu nahi du. Jatorri eta esperientzia ezberdinetako agenteekin (artea, kultura, pentsamendua, industria, hirigintza, gizarte zientziak..) elkarlanean antolatutako topaketa informalen bidez osatutako elkarrizketa, hitzaldi eta bestelako ekitaldi publikoen egitaraua osatu dugu hortarako.

Paisaia gisara onartzen dugun eta ondorioz gurea bezala hartzen duguna, hainbat erlazio sozial, politiko, ekologiko, ekonomiko, kultural eta estetikoen bidez lotzen da. Gure subjektibotasunetik jaiotzen den paisaia, hain kutsatua, mugatua eta zanpatua baldin bada, gure irudimena eta egitazkotasunaren kontzeptua bera guztiz erritmoz kanpo geratzen dira. Baina aldiberean, indar prometeiko den heinean, sentitzeko hain zailak diren inguruneari buruzko ideiak ulergarri egiteko modu bakarra da irudimena. Ez hori bakarrik, kontakizun estetikoa eta paisaiaren gure ideia subjektiboen oinarriak zalantzan jartzeko tresna bihurtzen da irudimena.

Topaketak berezko duen ugaritasunari ahalik eta etekin gehien ateratzeko helburuarekin, soinua eta paisaiaren gainean burutuko diren hitzaspertu hauek idazketa prozesu bat ere jarriko dute martxan. Foroaren paraleloan, Soinuaren eta paisaiaren gaiari buruzko hurbilketa kritiko desberdinekin osatuko den argitalpen kolektibo baterako oinarriak ezarriko dira.
Azken finean, topaketa-ekitaldien behin-behineko denboralidadetik areago, etorkizunean ere aldez aurreko ideiak zalantzan jarri eta eztabaida zabalak eragiteko tresna propioak sortzea da azken helburua.
Argitalpena soilik elkartruke bidez zabalduko da eta aldiberean, trukean jasotako dokumentuekin, gaiari buruzko nazioarteko artxibo publikoa osatzen joango da.

Testua: Xabier Erkizia, Jose Luis Espejo
Irudiak: Sarah Giannobile
Diseinua: Sonia Ciriza