Installations – DSS2016 >> Gorren txisteen proiekzioa eta gorrentzako kontzertua

Gorren txisteen proiekzioa eta gorrentzako kontzertua

Data: 2016ko otsailaren 3an, ostirala, 19:00etan
Lekua: Manos K Ríen (Errege-Erregina Katolikoen kalea 14 – behea. 20006 Donostia)
Sarrera doan
_
Jaume Ferretek 2016ko uztailean Tabakaleran egin zuen egonaldian ekoitzitako bideoak proiektatuko dira. Bideo horiek artista katalanaren “Ahots Gorra II Txiste Arraroa” proiektuaren parte dira. Proiektu horren bidez, gorrerira eta zeinu-hizkuntzetara hurbiltzen saiatzen da, ahotsaren inguruko politiken edo ideologien ideiatik abiatuz. Ahotsak gizatasunaren ezaugarri eta gaitasun gisa duen nagusitasunaren aurrean, baita parte-hartze politikoaren metafora gisa ere, gorreriak eta zeinu-hizkuntzek izateko, munduan egoteko eta ahotsa eta entzumena ulertzeko beste modu batzuk planteatzeko mugen funtzioa betetzen dute.

Proiektua 2015ean hasi zen, Mexiko Hirian, Casa Vecinan egindako egonaldi bati esker. Egonaldi hori performantzia-artxibo batekin bukatu zen, baina proiektuak jarraipena izan zuen, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren esparruan. Bertan, zeinu-hizkuntzako (Espainiako zeinu-hizkuntza) txisteen artxibo bat eratu zen, Entzumen-behatokiarentzat, Tabakaleraren laguntzaz. Ondoren, Mexikoko Nazioarteko Garapenerako Lankidetzaren Agentziaren laguntzari eta UNAMeko Arte Garaikideko Unibertsitate Museoaren babesari esker, zeinu-hizkuntzako (Mexikoko zeinu-hizkuntza) txisteen bigarren artxiboa eratu zen, baita museoko auditoriumean ekitaldi publiko bat ere (2017an).

Txisteak proiektatzeaz gain, gorrentzako kontzertu labur bat egingo da, soinuak entzuteko ahalmena ebaluatzeko egiten diren audiometria-probetan erabiltzen diren soinuez baliatuz. Bertaratzen diren entzumen normaleko pertsona guztientzat belarriko tapoiak banatuko dira, beraien belarriak babesteko eta bertaratzen diren pertsona guztien entzuteko ahalmena ahalik eta gehien homogeneizatzeko.

Ekitaldia gorren komunitateari –eta, bereziki, Manos K Ríen elkarteari– «Ahots Gorra II Txiste Arraroa» ikerketa-proiektuan emandako laguntza sinbolikoki itzultzeko eta eskertzeko da. Proiektu hori Jaume Ferretek horietako batzuekin eta keinu-hizkuntzako interprete Carol Rementeríarekin elkarlanean egindako egonaldian gauzatu zen.