Ahots gorra, Txisteak II
Hona hemen zeinu-hizkuntzako txisteen bildumaren bigarren zatia, Donostian jasotakoa 2016ko uztailean, Jaume Ferrete Vázquezen Ahots gorra proiektuaren barnean.
Txiste hauek pertsona gorrek bere buruari egindako diskurtso baten gisara uler daitezke, hainbat gai landuta: gorren kultura, gor-izaerarekin duten harremana, pertsona entzumendunekin dutena, entzumenarekin dutena, eta abar.
Kontatzen dutenaz gain, pertsona gor kontalarien beraien kulturari, umoreari edo hizkuntzari dagozkien ezaugarriak ageri dira txisteotan.
Hau da, entzumendunen txisteak esapide baten edo esanahi bikoitzaren bitartez ebatzi ohi badira ere, bilduma honetakoek beste alderdi batzuk nabarmentzen dituzte: historiaren garapena, pertsonaien karakterizazioa eta horiek guztiak zeinu-hizkuntzarekin adierazteko erabilitako adierazkortasuna eta iaiotasuna. Agian hurbilago dago, beraz, txiste mota hau antzezpenetik, mimotik edota poesia bisualetik bestea baino.
Bideo hauek grabatu zituzten Raquel Alba Martín aktoreak eta Carolina Rementeria interpretak, David Murguia Asensiok lagunduta.
Proiektu honek ez zukeen aurrera egingo tartean ez baleude pertsona horien lana eta DSS2016ren, Entzumen-behatokiaren eta Tabakaleraren babesa, eta, bereziki, denbora eta lekukotasunak eskaini dizkiguten pertsona gorren eta entzumendunen adeitasuna. Eta Gipuzkoako Pertsona Gorren Elkartearen, Manos K Ríen elkartearen eta Gipuzkoako Pertsona Gorren Senideen Elkartearen laguntza. Eskerrik asko.
Txisteon interpretazioa transkribatu da euskara mintzatuan:
«Seme-alaba entzumenduna nahi izatea»
Bikote bat, senar-emazte gorrak, semea edo alaba izateko gogo biziz da, eta pentsatu eta pentsatu ari dira. Beldur dira semea edo alaba ez ote den gorra izango; ez dituzte harentzako nahi beraiek jasan behar izan dituztenak, gizarte-egoera-eta, eta zer egin behar duten pentsatzen ari dira. «Zer egingo dugu?» «Ez dakit». «Beno, berdin dio. Haurra edukiko dugu, izan dadila Jainkoak nahi duena» «Ados».
Haurdun geratuko da. Joango da lehen hilabetea, bigarrena, hirugarrena, laugarrena. Denborak aurrera egingo du. Bederatzigarren hilean, urak botako ditu: «Badator, badator! Goazen!» Autoz joango dira ospitalera. Ospitalera iritsiko dira; emakumea ezinean. «Mina, min handia dut». Jaioko da umea, txikitxoa, begiak itxita eta ahotxo txikia duena; hain polita. Aingerua dirudi… Seaskan jarriko dute eta erizainak esango die: «Beno, hemen duzue umea. Disfrutatu».
Erizaina joan, eta elkarri begira geratuko dira. «Entzumena duen edo gorra den jakitea falta zaigu. Egingo dugu froga?» «Tira, hasi, baina nola?» «Begira, txilina ekarri dut». «A, utzi niri». Umeari begiratuko dio, eta txilina astinduko du. «Ene!» Emakumeak: «Eman niri, ea». Indarrez astinduko du txilina eta umeak lo jarraituko du, hain lasai, hatza zupatzen. Indartsuago astinduko du. «Ez, ziur gorra dela». «Arraioa, hau zorigaiztoa!» «Bai, bai».
Kasualitatez, erizain bat agertuko da. «Erizaina, zatoz, arren». Erizaina hurbilduko zaie: «Esan». «Begira, semea gorra dela uste dugu; txilinari eragin eta eragin ari gara eta ezer ez, lo jarraitzen du». «Mmm, ea, utzi niri txilina». Astindu eta belarrira hurbilduko du. Ohartuko da txilinak ez duela bolatxorik barnean. «A, eskerrak!»
«Bi soldadu»
Militarrak soldaduak errekrutatzen ari dira, asko dira hautagaiak. Tartean, gor bat, motibatuta zeharo, ikasteko gogo biziz, eta sendo askoa. Soldaduek fusil bat erabiltzen, granada bat botatzen eta antzekoak egiten ikasi beharko dute. Iritsiko da granada botatzen irakatsiko dieten eguna. Ikasle guztiak bilduko dira azalpenak entzuteko. Soldadu batek gorrari esango dio: «Ulertzen didazu?» «Ez», erantzun gorrak. «Begira, kendu uztaitxoa, zenbatu hamar arte eta jaurti». Gorrak: «Ez. Begira, zergatik ez duzu zuk egiten aurrena?» Soldaduak: «Ados, baina begiratu adi». «Bai, bai, bai». «Uztaia kendu behar da, bai?» «Bat, bi, hiru, lau, bost…» Granada eutsiko du ahoarekin. «Sei, zazpi, zortzi, bederatzi, hamar». Danba!
«Interpretea hobiratzea»
Gizon oso ospetsu bat, garrantzi handikoa munduan, bereziki, desgaitasunaren arloan, hil egingo da. Hiletan, mota guztietako desgaitasunak dituzten pertsonak bilduko dira. Denek estimatzen zuten asko, eta azken agurra eman nahi diote. Jende gehiago ere badago, baita interprete bat ere. Aurrean dute hilkutxa, hobiratuko dutena. Jendeak, negarrez, atsekabetuta, loreak botako dizkio hilkutxari. Gizon batek ere loreak botako dizkio.
Itsu bat: «Gizon berezia zen niretzat eta, esker ona adierazteko, nire bastoia berarekin lurperatzea nahi dut». Bastoia hilkutxa gainera bota eta joan egingo da. Keinuaren ederrarekin harrituko dira gainerakoak. Beste desgaitu bat, gurpil-aulkia behar duen gizona bera, hilkutxara hurbilduko da: «Neuk ere zer edo zer eskaini nahi dizut eskerrak emateko». Aulkitik jaitsi, aulkia bota eta hilkutxa gainera eroriko da. Guztiak geratuko dira hilkutxari begira. Arrastaka joango da gizona.
Beste bat hurbilduko da, gorra. Begira geratuko zaio: «Neuk ere zer edo zer eskaini nahi dizut eskerrak emateko. Mmm…». Irribarre egingo du, eta ekitaldian interpretazio-lanak egiten ari zen interpretea hartu eta bota egingo du. «Aaa!».
«Entzumendun sobera dago»
Tren-geltokian gertatuko da hau. Iritsiko da trena eta irekiko ditu ateak. Kubatar bat sartu eta eseriko da. Errusiar bat ere sartuko da, eta kubatarraren alboan eseri. Horien parean, pertsona gor bat. Martxan jarriko da trena, hirurak doazela bagoian.
Kubatarrak puru bat piztuko du, kalitate gorenekoa, eta lurrin zirraragarrikoa. Purua bere kasa erretzen utziko du. Leihoa ireki eta bota egingo du. Gorra, sinetsi ezinik, zur eta lur: «Baina, bukatu egin behar zenuen!» Kubatarrak: «Lasai, askoz gehiago ditut etxean!» Eta gorrak: «A, ados». Eta isilik geratuko da. Orduan, errusiarrak petaka bat aterako du, ireki, eta vodka edaten hasiko da. Zurrutada bat aurrena, beste bat gero, eta beste bat. Gehiago ezin arte edango du. Hala, leihoa ireki eta bota egingo du. Gorrak berriro: «Baina zertan ari zara? Oso garestia da!» Errusiarrak barre egingo du: «Lasai, gizona, etxean nahikoak ditut, botilak eta botilak. Nik dakit zenbat!» Eta gorrak: «A, ados». Geroago ikuskatzailea agertuko da. «Txartela», kubatarrari. Errusiarrari gero, «txartela». Baten eta bestearen txartelak zulatuko ditu. Gorrak ikuskatzaileari begiratu, leihoa ireki eta bota egingo du. Errusiarra eta kubatarra, sinetsi ezinik: «Baina zertan ari zara, lerdoa?» Eta gorrak: «Tira, ez da ezer. Egon lasai! Munduan entzumendun sobera dago.
«Zuk hil zenuen anaia?»
Gizon gor bat, txapela eramaten duten horietakoa, mendian bizi da, gailurrean, baserri batean. Ez daki irakurtzen, ezta hitz egiten ere. Egun batean epaiketa batera deituko dute. Epaileak: «Abokatu, galdetu iezaiozu anaia hil zuen edo ez». «Ados. Zuk hil duzu anaia? Bai ala ez?» «Ez, ez, ez, ez, ez, ez». Epaileak, nahastuta, abokatuari: «Egin galdera berriro». Abokatuak berriro egingo dio galdera: «Zuk hil zenuen anaia? Bai ala ez?» «Ez, ez, ez, ez, ez, ez». Epaileak, susmo aurpegiarekin: «Galdetu berriro». «Ados, ados», abokatuak. «Ea, zure anaia, labanarekin, danba! Bai ala ez?» «Ez, ez, ez, ez, ez, ez». Epaileak, mehatxu begirada batekin, mailu-kolpe bat emango du. «Libre geratuko zara». Abokatuak harrituta begiratuko dio. Biak epaitegitik ateratzean, baina, abokatuak esango dio txapela jantzita duen gorrari: «Aizu, zuk hil al duzu anaia?» «Hil labainarekin ez; danba, eskopetarekin bai».