Hona hemen zeinu-hizkuntzako txisteen bildumaren lehengo zatia, Donostian jasotakoa 2016ko uztailean, Jaume Ferrete Vázquezen Ahots gorra proiektuaren barnean.
Txiste hauek pertsona gorrek bere buruari egindako diskurtso baten gisara uler daitezke, hainbat gai landuta: gorren kultura, gor-izaerarekin duten harremana, pertsona entzumendunekin dutena, entzumenarekin dutena, eta abar.
Kontatzen dutenaz gain, pertsona gor kontalarien beraien kulturari, umoreari edo hizkuntzari dagozkien ezaugarriak ageri dira txisteotan.
Hau da, entzumendunen txisteak esapide baten edo esanahi bikoitzaren bitartez ebatzi ohi badira ere, bilduma honetakoek beste alderdi batzuk nabarmentzen dituzte: historiaren garapena, pertsonaien karakterizazioa eta horiek guztiak zeinu-hizkuntzarekin adierazteko erabilitako adierazkortasuna eta iaiotasuna. Agian hurbilago dago, beraz, txiste mota hau antzezpenetik, mimotik edota poesia bisualetik bestea baino.
Bideo hauek grabatu zituzten Raquel Alba Martín aktoreak eta Carolina Rementeria interpretak, David Murguia Asensiok lagunduta.
Proiektu honek ez zukeen aurrera egingo tartean ez baleude pertsona horien lana eta DSS2016ren, Entzumen-behatokiaren eta Tabakaleraren babesa, eta, bereziki, denbora eta lekukotasunak eskaini dizkiguten pertsona gorren eta entzumendunen adeitasuna. Eta Gipuzkoako Pertsona Gorren Elkartearen, Manos K Ríen elkartearen eta Gipuzkoako Pertsona Gorren Senideen Elkartearen laguntza. Eskerrik asko.
«Seme-alaba gorra nahi izatea»
Gizon gor bat eta emakume gor bat. Bat-batean maiteminduko dira, seko maitemindu ere. Elkarrekin ibiliko dira bolada batez, baita ezkondu ere. Ederra izango da oso ezkontza. Eztei-bidaia, nora eta Japoniara egingo dute. Itzuli eta, egunak joan egunak etorri, ondo baino hobeto egongo dira elkarrekin. Halako batez, emakumeari burura etorriko zaio: «Aizu, seme edo alaba bat nahi dut». «A, bai? Bai poza, ni ere gogoz nago! Hazten ikusiko genuke, bizitza horren parte ginateke. Ederra izango litzateke». Eta emakumeak erantzun: «Haurdun geratzeko gogoz nago, bai, baina, jakizu, gorra izatea nahi dut». Gizonak dio: «Bai, nik ere bai, ados gaude: nik ere gorra izatea nahi dut. Zeinu-hizkuntzan hitz egingo genuke, gure ohiturak izango lituzke, gure kultura gorra; ederra izango litzateke». Emakumeak dio: «Bai, baina zuk badakizu zer egin behar den haur gor baten esperoan egoteko?» «Utzidazu pentsatzen. Mmm… Ez ote den onena izango medikura joatea». «Bai, arrazoi duzu, goazen».
Esan eta egin, han joango dira medikura. «Hara, doktore, semea edo alaba izan nahi dugu, baina arazo bat dago, gorra izatea nahi dugu». Medikuak barre egingo du: «Hara, bai xelebreak zuek». Elkarri begira geratuko dira, lotsagorrituta: «Bai? Xelebreak gu, zergatik?» «Begira, oso erraza da, beno, barkatu, oso galdera ona, bai, galdera oso ona da. Begira, zer egin behar duzue horretarako?» «Esan, arren». «Gauean, oheratu zaitezte, egin amodioa; zuk sartu zakila, isuri, eta bukatu ondoren, jauna, ireki emazteari hankak eta egin oihu: “Aizue, espermatozoideak, zatozte hona denak!” Batek, ordea, kasu egin ez eta aurrera jarraituko du, harik eta obulura iritsi arte. Horrek ernalduko dizue seme edo alaba gorra». «A, bai ideia ona! Eskerrik asko, eskerrik asko! Agur».
«Bi ehiztari»
Bi ehiztari, gorra bata, entzumenduna bestea. Mendira joango dira. Txoria ikusi eta tiro egingo diote, eta… «Kale! Ez dut jo! Tira, berdin zait». Aurrera jarraituko dute. Sabela lehertu beharrean jarriko zaio bati. «Ai, komuna behar dut, non da komuna?» «Ai, bai, niri ere kakagura etorri zait, goazen». «Begira, zuhaitz bat, jarriko gara? Zer iruditzen zaizu zuhaitza?» «Ondo, goazen». Hurbilduko dira zuhaitz ondora. Entzumendunak prakak jaitsi eta egin beharrekoei ekingo die. Kito!
Entzumenduna, sabela libratuta jada, harrituta geratuko da. Zergatik? Berak egindakoa luzeska delako, eta gorrarena, aldiz, biribila, opil formakoa. Zergatik? Ehiztariak, gorrak, animalien beldur denez, nondik ager daitezkeen jakin nahi du, eta, horretarako, zer egiten du? Biraka hustu sabela; hara nondik opil forma.
«Interprete gaiztoa»
Gor bat epaitu behar dute, eta interprete baten laguntza izango du. Epaileak honakoa dio: «Esan, non gorde duzu lapurtutako dirua?» Interpretak, «Ados», eta pertsona gorrari itzuliko dio galdera. Gorrak: «Ez dakit zertaz ari zaren, zer diru eta zer lapurreta, nik ez dute ezer lapurtu». «Ados», dio interpreteak, eta epaileari itzuliko dio erantzuna. Epaileak: «Ondo da, begira, dirua non gorde duzun ez badidazu esaten, espetxera joango zara zuzenean, bizi arteko zigorra; aitortuz gero, ordea, libre geratuko zara, ados?» Interpreteak dio: «Ados». Eta gorrari itzuliko dio. Eta gorrak: «Ez dudala dirurik lapurtu!» Eta horixe bera itzuliko interpreteak epaileari.
Orduan, epaileak: «Ea, azkeneko aukera. Esaten ez badidazu, espetxera joango zara bai ala bai. Orain aitortuz gero, zin egiten dut aske geratuko zarela». «Ados», dio interpreteak, eta horixe bera itzuliko dio gorrari. Gorrak: «E, ondo da, ondo da, aitortuko dut, esango dizut non gorde dudan dirua: kale honen amaieran zuhaitz bat dago, bada, lurpean, poltsa batean, dirua aurkituko duzu». Eta interpreteak: «Ados… Dioenez, ez daki ezer ere lapurretari buruz, ez du ezer lapurtu, ez daki dirua non den». Eta epaileak: «Ados. Errudun. Kartzelara». Gorra eskuburdinak jarrita eramango dute espetxera, eta interpretea irribarretsu irtengo da kalera.
«Dentista errukiorra»
Mediku dentista hura oso ospetsua zen, bikain egiten zuenez lan; hain profesional ona, pertsona ona bezainbeste, eta langilea oso. Jendez lepo egon ohi zen kontsulta, hain ona zen.
Egun batean, lehen aldiz desgaitu bat agertuko da kontsultan: itsu bat, makila eta guzti. Eta dentistak bere baitan: «Ai, gajoa, itsua, ea zer moduz moldatzen naizen. Beno, ni lana ondo egiten ahaleginduko naiz. Kaixo, zer behar duzu?» Eta itsuak erantzun: «Bai, mina dut hemen, flemoi bat edo». «Egon lasai, eser zaitez, mesedez». Eseri egingo da itsua. Dentistak aulkia etzan eta altxa egingo du. «Ireki ahoa». Itsuak ahoa ireki eta dentistak, bai, hantura ikusiko du. «Ez kezkatu, zikinkeria apur bat da. Berehala garbituko dizut». Ura bota, garbitu eta lanak egingo ditu. «Kito». «Mmm, zerbait arraroa sumatzen dut ahoan». «Bai, normala da, baina oso ondo zaude, primeran dago». «A, eskerrik asko».
Aulkia hasierako posizioan jarri eta itsuak esango dio: «Esan, zenbat zor dizut?» «Itxaron». Pentsakor geratuko da. «Hara, hain da tristea…ba. Begira, doan da». «Doan? Ez. Ordainduko dut, ordaindu nahi dut». «Ez, ez, ezta pentsatu ere, egiatan, ez arduratu». «A! Begira, bonboi-poltsa bat daukat. Zuretzat». «Hara! Eskerrik asko». Eta bonboi-poltsa hartuko du. Mmm, txokolatezkoak, marka onekoak, marka garesti batekoak, aizue. Hunkituta, eskerrak eman, elkar besarkatu eta agurtu egingo dira. Joan egingo da itsua.
Handik denbora batera, beste desgaitu bat agertuko da kontsultan, herren bat, makila eta guzti. «Ea honekin zer moduz…», pentsatu dentistak, «Kaixo, egun on, zer duzu?» «Begira, min handia ematen dit hortz honek, txantxarra ez ote den…» Dentistak eseri egingo du eta aulkia altxatuko du. «Ondo da, ireki ahoa». «Bai, bai». Ahoa irekiko du eta dentistak kopetan daraman argiari esker ikusiko du, baietz, puntu beltz bat duela. «Enpaste bat jarriko dizut». «Ados». Enpastea jarriko dio. Herrenak ahoa lo hartuta sumatuko du. «Ahoa lo hartuta sumatzen dut, normala da?». «Bai, bai, egon lasai». «A, eskerrik asko, hobeto sentitzen naiz. Esan, zenbat da guztira?» Dentista, isilik: «Itxaron…» Pentsakor. «Gajoa, gogorra da gero desgaituaren bizitza. Begira, doan da». «Doan? Ez. Ordaindu nahi dut». «Ez, ez, ezta pentsatu ere, egiatan, ez arduratu». «Tira, tira, nire bastoia, ikusten duzu goiko aldean duen bola hau? Distiratsua da harribitxiak direlako, oso garestiak; tori, zuretzat». «Ez! Behar-beharrezkoa duzu!» «Ez kezkatu, etxean asko baino gehiago ditut, behar baino gehiago, gehiegi. Hau zuri oparitzen dizut». «Bada, eskerrik asko». Hunkituta, besarkatu eta agurtu egingo dira. Dentistak bastoia gordeko du.
Handik denbora batera, beste desgaitu bat agertuko da dentistaren kontsultan. Oraingoan, gor bat. Medikua, kezkatuta, nola egingo duen komunikatzeko. «Ez dakit zeinu-hizkuntza», pentsatuko du. «Beno, berdin dio, saiatu egingo naiz, zer dakit ba, mimoa eginez edo. Kaixo, zuk…» Ahoak mina emango balio bezalako keinuak egingo ditu. Gorrak baietz edo, keinuekin. Medikuak aulkia seinalatuko du, eta esertzeko esango dio keinuen bitartez. Eseri egingo da gorra. Medikuak aulkia etzango du. Ahoa irekiko du, «ireki ahoa» esanez bezala. Gorrak, «bai, bai», ahoa irekiko du. Medikuak, kopetan daraman argiari esker, bai, hortzetako bat hautsita dagoela ikusiko du. «A, bai? «Lagunduko?» Medikuak: «Itxaron, itxaron». Ai, mina emango dio, eta gorrak garrasi egingo du. Dentistak «apur bat gehiago, apur bat besterik ez» bezalako keinuak egingo ditu. Lana bukatuko du. Keinu bitartez, «kito» esango dio.
Gorrak probak egingo ditu ahoarekin, mugimenduak, eta, ondoren, ordaintzeko keinua egingo dio. Medikua pentsakor geratuko da. «Ai, gajoa, gorra da! Tira, honi ere doan. Ez da ezer, ez dut dirurik nahi. Zoaz, zoaz lasai». Gorrak «ordaindu nahi dut» adieraziko dio. Dirua. Patrika. Dentistak, ordea, «joateko, joateko» keinu bidez. Eta gorrak: «A!». Medikuak, berriz, joateko eta joateko. Besarkatu egingo dira. Gorra joan eta medikua pentsakor geratuko da: «Bai arraroa, ez dit oparirik egin. Beno, ez da ezer».
Gorra pozik oso doa: «Harrapa ezazu hori! Doan! Guztiei esan behar diet. Nire lagun gor guztiei, senide gorrei…». Esan eta egin. Elkartera ere joango da, kide guztiei berria emanez: «E! Jakin behar duzue! Zoazte dentista honen kontsultara, doan da! Aprobetxatu!» WhatsApp bidez ere jakinaren gainean jarriko du mundu guztia; testu-mezuak ere bidaliko ditu; han eta hemen zabalduko du doan den dentistaren berria. Biharamunean, dentista kontsultara lanera joango denean, zur eta lur ikusiko du pertsona gorrek osatutako ilara luze-luzea, guztiak eskuak mugitzen ari zaizkiola.
«Ezpainak irakurtzea»
Aizue, kontu bat, zuen ustean zein koloretako kuleroak gustatzen zaizkie gehien gorrei? E? Zein? Zein? Antzik hartu ezinda, ala? Gorria? Ez. Urdina? Ez. Berdea, ezta ere. Zein da? Gardena. Zergatik? Aise irakurri daitezkeelako ezpainak.