Entzute Kritikoa >> Jotzen gaituen musika

Jotzen gaituen musika

Oier Iruretagoiena
_
Osteguna, urriak 27
Ordua: 12:00etan
Lekua: Kaxilda
Sarrera: Askea
_
2009ko abuztuaren 15ean, ohi bezala, Zakilixuten komiki tira bat zekarren Berria egunkariak kontrazalean. Orduko hartan, besapean toalla bat hartuta hondartzara zihoan Zakilixut, paseran kaleko biolin-jole bat ikusi zuenean, eta hitz-joku batean kateatutako gogoeta horietariko bat bota zuen: “Musikajolea? Askotan, jo egiten gaituen musika!”. Musikak gugan eragiteko duen gaitasunaz eta eskatu ez dugun soinu edo melodia sarkor batek eragin dezakeen mutur-sartzeaz ari zela ulertu nuen. Baina hitza zentzu are literalagoan hartuta, min ere eragin liteke, baita gaur egun darabiltzagun soinu-aparatu ohikoenekin ere.
_
oier
_
Oier Iruretagoienak (Errenteria, Gipuzkoa, 1988) eskultura, soinua eta testuaren arteko elkargurutzaketan garatzen du bere lana. 2011an lizentziatu zen Arte Ederretan UPV-EHUn, eta bakarkako erakusketak egin ditu Bilboko Carreras Mugica galerian (2015), Bartzelonako Halfhousen (2014), Egiako Kultur Etxean (2013) eta Gasteizko Montehermoso Kulturunean (2011). Taldekako erakusketetan parte hartu du Madrileko Elba Benitez galerian (2016) eta Donostiako KM Kulturunean (2013). Honako espazio eta jaialdietan ere aurkeztu du bere lana, besteak beste: Amstermango San Serrifen (2016), Berako bertze musiken Ertz jaialdian (2014), Bilboko Zarata Festen (2011), Bartzelonako Cicle HUM, L’ull Cec (2010) eta LEMen (2005), Berlingo Tuned Cityn (2008), eta Donostiako Elektronikaldian (2004). Lanak argitaratuak ditu besteak beste honako zigiluetan: AEBetako Zeromoon, Portugalgo Test Tube, Errusiako Obs, Frantziako Rhizome.s eta Euskal Herriko Nueni. Bilboko Le Larraskito Kluba espazioaren koordinatzaileetariko bat ere bada.

  • Kaxilda